XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KS.ko liburu hau txukun argitaraturik dago, sorta honetako gainerako guztiak bezala.

Liburu hau, batez ere Fr. Migeli dagokion partea, oso baliagarri izango zaiela uste dut unibertsitatean eta beste toki batzuetan bizkaiera zaharra aztertzen ari direnenei.

Kontuan izatekoa da Fr. Migel 1745ean jaio zela; hau da, Joan Antonio Mogel, Peru Abarkaren egilea, jaio zen urte berean.

Interesgarri litzateke biek erabiltzen duten euskararen erkaketa egitea, edota Markinako komentuan berarekin bizi izan zen Fr. Bartolomeren euskararekin konparatzea.

Hau Fr. Migel baino 23 urte gazteagoa zen.

Mogel eta Fr. Bartolomeren artean, bakoitzaren estilo eta nortasunari zegozkionak alde batera utzirik, euskaran bertan, alde handirik ez den bitartean, Fr. Migelen eta beste bien artean bada alderik.

Batzuk, nabari-nabariak; esaterako, f kontsonantearen erabilera.

Xehetasunetara joz gero, mendebaldeko bizkaieraren formak eta lexikoa ere, agertzen dira Fr. Migelen sermoietan; Joan A. Mogel eta Fr. Bartolomerenak baino forma arkaikoagoen kutsua dutenak.

Dena dela, oraingoz ez gara oihan horretan sartuko eta, une honetan, argitalpenaren prestatzaileei eta argitaratzaileei zorionak eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen.

K.S. (Karmel Sorta), Joan Mari Torrealdairen Euskal Kultura gaur liburuan agertzen ez bada ere, 10. alera iritsi da, urtero euskal irakurleei ezusteko pozgarriak emanez eta Teresa Lisieuxkoaren Idazlan guztiak euskaraz argitaratzean gailurra jorik. Halaxe jarrai dezala urte askotan.